Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Ingeniaritza Tekniko Industrialeko atalean, «Ingeniaritzaren Oinarri Kimikoak » 1. mailako oinarrizko irakasgaiko ikasleei Hot Potatoes erreminta digitalarekin landutako galdetegiak eskaini zitzaizkien eGelan (UPV/EHUren Moodlen plataforma) 2015-2016 kurtsoan zehar. Ikasleek nahi izan gero erantzun zitzaketen galdetegiak. Lan honetan, galdetegi horien eskaintza eta egitea ikasleen gain izandako eragina aztertzen da. Ikasleek esperientzia horri buruzko inkestak erantzun zituzten, eGelan galdetegiak eskuragarri izan aurretik eta ondoren. Hasierako inkestetatik deduzitu zen ikasleen %64a irakasgaian lehendabizi zegoela matrikulatuta eta, gainera, erreminta digitalei buruzko ezaguerak bazituela. Bukaerako inkestetan, ikasle gehienek (%95) esan zuten kurtsoan zehar eskainitako erreminta digitalak erabili zituztela. Gainera, adierazi zuten erreminta horiek, beste erabilera batzuk baino, batez ere autoebaluaziorako zirela erabilgarriak. Azkenik, inkestatutako ikasleen %48ak esan zuen erabilitako metodologia beste irakasgairen batean aplikatuko lukeela. Aurreko 2014-2015 kurtsoan ez zen galdetegirik eskaini. Ikertutako kurtsoarekin alderatuz, arrakasta-tasak ohiko deialdian behera egin zuen 2014-2015 kurtsotik 2015-2016 kurtsora: %77tik %53ra hain zuzen ere. Deialdi berean gainditu zutenen kalifikazioa bataz beste gutxi gora behera 5 izan zen bi kurtsoetan. Dena den, aipatutako kurtsoek ordutegi eta ikasle-kopuruari dagokionez emaitzaren gain eragina izan zitzaketen ezaugarri ezberdinak zituzten.
© 2008-2024 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados