IKASBIDE ikastetxea, Donostia: eIkasbide proiektua. Haur eta Lehen Hezkuntzan IKTBak epe motzean<br />integratzeko modua

2002-11-01
Gizartea gero eta presio gehiago egiten ari da Informazioaren eta Komunikabideen Teknologia Berriak (IKTB) ikasgeletan sartzeko. Une honetan, besteak beste, eEurope programa europarraren helburua Europako hiritar guztiei kultura digitala eskaintzea da, baita irakasleei trebatzeko aukerak eskaintzea ere. Guk jarduera esanguratsuak garatzeko modu gisa defendatzen ditugu zentroetan teknologiaren erabilera konstruktibista eta proiektuen garapena. Era berean, jarduera horiek gure errealitate sozialari egokitutako eskolako kultura sortzen eta irakasleak eta ikasleak trebatzeko aukera emango duten eta, pixkanaka, familiak inplikatuko dituen proiektuak sortzen lagundu behar dute.

Artikulu honetan Donostiako Ikasbideko Haur eta Lehen Hezkuntzako zentroan IKTBak integratzeko proiektuaren motibazio, jarraibide eta ezaugarri nagusiak aurkeztuko ditugu. Zentroaren baldintzak, teknologia berriak integratzeak ekarriko duen aldaketa eta erronka, eta aurre egin beharreko zailtasunak aztertuko ditugu. Bi programa dira proiektuaren ardatz: eSorkari (aldizkari digitala) eta eTruke (posta elektronikoa erabiltzeko jarduera, bigarren hiruhilekoan Kataluniako eskola batekin egingo den truke-planaren barruan ikasleen bisita osatzeko eta prestatzeko). Programa horiek zentroan IKTBak integratzeko pauso instituzionala emateko balio dute.
 
 
Teknologia berrien inguruko jarduerak eskoletan oso irregularrak diren arren, irakasle eta ikasle guztiek esaten dute ikastetxeetan IKTBak ikasi eta erabiltzeko beharra dagoela eta berauek aprobetxatzea zentroen hezkuntza proiektuen pertzepzioen inguruko faktore garrantzitsu gisa hartzen da. Sozialki presio mediatikoa egiten da, baina askotan kaltegarria da eta frustrazioa eragiten du; izan ere, teknologia informatikoa tarteko dagoenean, ez dago trebetasun nahikorik. Baina oraindik ere egiten da presioa, eta, zentroetan ekipamendu informatikoa izateko neurriak hartzen ari badira ere (esate baterako, Eusko Jaurlaritzaren PREMIA programa) eta erakundeek aplikazio informatikoak ezagutu nahi dituzten hiritarrentzat ikastaro asko diruz laguntzeko eta familiek teknologian egindako gastuak ordaintzen laguntzeko ekimenak martxan jartzen ari badira ere (adibidez, Konekta Zaitez! programa), ez dago eredu argi eta eskuragarririk IKTBa era konstruktibistan1 erabiltzeko . Hau da, abileziak ikasteko eta garatzeko eredua, tresnak erabiltzeko ezagutza teknikoa lortzeaz gain, epe ertain eta luzera Informazio Gizartearen Teknologia konstruktibista integratzeko irakasleen eta eskolen lana argitzen eta dinamizatzen lagunduko duen planteamendua egiteko. IKTBen erabileran argitasun falta ere badagoela baieztatzera ausartzen gara, arazoa ez dela teknologikoa soilik. Orain arte teknologia eskura izateko zailtasunek horien erabilera nabarmenagoa eta pedagogikoa blokeatu ahal izan dutela badakigu; arazo horretan eragin duten faktoreak ekipoen prezioa, porrot egiteko beldurra eta ezagutza pedagogikoen aldean informatikoak saritu izana daude.

Komunikazio honetan Donostiako Ikasbide Ikastolan teknologia berriak integratzeko garatzen ari diren esperientzia aurkezten dugu. Horretarako, esperientzia horren testuinguru sozialaren eta IKTBak ikastetxeen bizitzan integratzeko beharraren analisia hartu dugu abiapuntutzat. Jarraian, IKTBak ikastetxeetan ezartzeko erabilitako ikuspegietan izan ditugun muga batzuk berrikusiko ditugu. eIkasbide programaren ezaugarriak deskribatu ondoren, gure esperientziaren lehen ondorioak eta balorazioak aurkeztuko ditugu.



Egoera soziala eta horrek ikastetxeetan IKTBak integratzeko beharrean duen eragina

Egoera soziala aldatzen ari da, eta irakasleen eta eskolen zeregina ere aldatzen ari da. IKTBak irakasleek -teorian- naturaltasunez erabili behar dituzten baliabideak dira, eta geletan eta eskoletan zeregin egokia eman behar diete. Horrenbestez, ezinbestekoa da irakasleak, neurri batean, bere profesionaltasuna berregitea; eta horretarako teknologia berrietan ongi moldatzen eta bere jardueraren funtzioetan behar bezala erabiltzen lagunduko dioten gaitasunak garatu behar ditu.

Irakasleak bere profesionaltasuna garatzen du eta ikasleak erabiltzaile eta teknologo gisa trebatzen dira. Baina benetako kultura digitala izateko, tresna berrien erabilerari zentzua eman behar zaio eta aplikatzeko testuinguru garrantzitsuan kultura profesionala birsortu behar da. Horrela, IKTBak integratzeko arazoarekin, irakaskuntzan aspalditik zintzilik dauden arazoak detektatzen dira: zein teknologiarekin, teknologia zertarako eta nola erabili. Gure ustez, IKTBen erabilera jarduera garrantzitsuetara bideratu beharko litzateke, eta eredu konstruktibista erabili beharko litzateke horretarako.

Azpiegitura teknologikoei dagokienez, gaur egungo egoerak aurrerapen garrantzitsua izan du; baina gure eskoletan egin diren inbertsioen eta gastuen ondorioz, eskolak ordenagailuz bete dira eta, kasu askotan, gutxiegi erabiltzen dira. Erosten denetik erabateko etekina atera arte produktu informatikoa asko garestitzen duten hainbat faktore daude eta, gainera, desorientazioa eta frustrazioa sortzen dute. Teknofobia izatera iristen ez bada ere, teknologiaren alde erakargarria eta bere erabilera potentziala mugatu egiten du (komunikazio hau idazteko garaian eta Ikasbide ikastolako ekipo informatikoen gertaerak berrikusteko garaian, irakasle batek zentroko baldintza informatikoen inguruan hauxe esan zuen hemen ez dugu behin ere "ordenagailu bat ongi" izan . Esaldi horrek irakasle askoren sentimendua jasotzen du eta ikastetxe askotan, zoritxarrez, ohikoa da). Oso zaila da ikastoletan dauden teknologiaren aukera informatiko guztiak erabiltzea, funtzionamendu arazoak daudelako: birusak, ekipoen arteko loturak, matxurak eta abar. Gainera, askotan, ekipo informatikoen eta beren osagarrien hornitzaileek ez dute mantentze zerbitzu egokia eskaintzen.

Une honetan kalitatezko hezkuntza proiektua sortzeko zailtasun horiek dauden arren, arazoak alde batera utzita, IKTBen erabilera arrunta bilakatzen ari da, eta, epe oso motzera, ez da nahikoa izango eskoletan informatika gela izatea; baliabide horrekin hezkuntzan edo komunikazioan etekina lortzea izango da helburua (gauza bera gertatuko da etxeetan eta erakundeetan).



IKTBak ikastetxeetan ezartzeko erabilitako ikuspegiaren mugak

Guk dakigula hainbat zentrotan esperientzia interesgarriak gauzatzen ari dira, baina, horrez gain, boluntarismoan sostengatuta asko inprobisatzen ari dira eta, oraingoz ez dago berme pedagogiko nahikoa ematen dituen esperientzia fluxurik, ez eta integrazio eredurik ere.

IKTBak zentroetan sartzea gai korapilatsua da. Lehenik, ez dago ekiporik, iristen direnean ez dabiltza ongi edo jendeak ez daki horiek erabiltzen. Trebakuntza behar denean ez dago trebatzailerik. Trebakuntza ematen hasten denean, orientazioak huts egiten du eta edukiek gehiegi nabarmentzen dute alde teknikoa. Gainera, irakasleak jarduera gehiegi ditu eta, ikusten dituen mugak direla eta, gaia zaila dela uste du. Era berean, ikasle batzuek irakasleek baino hobeto maneiatzen dute ordenagailua. Internetekin balio-gatazkak sortu dira eta irtenbidea eman behar zaie.

Testuinguru horretan, eEuropa proiektuan jasotako helburuak bermatzeko, bai ikasleei kultura digitala jasotzeko aukera eskaintzeko eta bai teknologiak behar bezala erabiltzeko irakasleei trebakuntza bermatzeko, eskolek esperimentuak egin behar dituzte. Zentroek era jasangarrian hasi behar dute praktika eraldatzen eEuroparen esparru komunitarioaren helburuetara gerturatzeko. Lan hori errazagoa izango da zentro osoa hartzen duten eta irakasleentzat eta ikasleentzat garrantzitsuak diren proiektuak garatzen badira. Jasangarritasunaz hitz egiten dugunean, ezaugarri hauek dituen trebakuntza prozesu iraunkorraz ari gara: irakasleen hobetzeko ereduekin koherentea dena, horien beharrei erantzunak emateko bideratuta dagoena, praktikan zentratuta dagoena, orientazio teknologikoa baino gehiago pedagogikoa duena eta gelako behar errealei erantzuten diena. Prozesu horren bidez, irakasleak zentroetan heziketa proiektuak garatzeko gai izan behar du eta, teknologiaren aurrean eta sor ditzakeen desberdintasunen aurrean, eskolaren eta irakasleen zeregina eta konpromisoa ulertzen lagundu beharko dio (horretaz aparte, egungo oztopoak gainditzen dituzten mantentze baldintzak eman behar dira). Etengabeko garapen horrek mesede egin diezaioke teknologia curriculumean integratzeari; izan ere, IKTBei hezkuntzarako zentzua eta zentzu profesionala bilatzen lagunduko du.

Azkenik, badirudi beharrezkoa dela IKTBak hezkuntza sektorean ikuspegi globalarekin sartzeko eskatzea, epe ertaineko proiektu mailakatu baten barruan; horretarako, hezkuntzako eragile eta eragile sozial guztiak sartu behar dira, Gipuzkoako Informazio Gizartearen Behatokiak2 (ikus taula) aipatutakoaren arabera.



Ikasbide Ikastola eta eIkasbide proiektua

Donostiako Amara auzoko 200 ikaslek ikasten dute Ikasbide Ikastolan; ikastola honek 13 gela (Haur Hezkuntzako 6 gela eta Lehen Hezkuntzako 7 gela), 21 irakasle eta hiriaren bi gunetan dauden bi eraikin ditu. Ikasbide zentroak informatika azpiegitura aspalditik du, eta orain dela gutxi berritu egin dute PREMIA programaren bidez. Ikastolako klaustroa proiektu berritzaileekin lan egiten ohituta dago, baina geletan IKTBak erabiltzeko garaian ikasle gehiegi (edo baliabide gutxiegi) izatearen arazoak eta segurtasun falta sortzen dira. Bestetik, zentroko ikasleen inguru sozialean eta familian ekipamendu informatikoen presentzia nabarmena da; aurkezten ari garen programa lantzen hasi aurretik galdeketa egin zitzaien ikasleei, eta horrela jakin zen ikasleen % 90ak etxean ordenagailua duela. Hala ere, benetako erabilera mailaren inguruko daturik ez dugu.

2000/2001 ikasturtearen amaieran, IKTBak Ikasbiden integratzeko mugarria finkatzea lortzeko, zentroa proiektu batean sartzeko ideia sortu zen. Gurasoek eta irakasleek eta, bereziki, zentroko zuzendaritzak eta Gurasoen Elkarteak iritzi bera zuten. Testuinguru horretan, proiektua garatzeko taldea sortu zen eta taldearen muina hauek osatzen dute: zentroko informatika koordinatzaileak, Gurasoen Batzordeko kide batek (informatikan espezializatua) eta Euskal Herriko Unibertsitateko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko irakasle batek. Teknologiaren erabilera konstruktibista lortu nahi da, eta hori zabaltzeko eta bultzatzeko taldea eratu nahi izatea izan da pedagogiaren alorreko hirugarren pertsona bat sartzeko arrazoia. Lanbide heziketarako balio duen proposamena egin nahi da, eta gainera, edozein zentrotan eta beste irakasle batzuekin martxan jartzeko modukoa izan behar du horrek.

Plangintza egin eta proiekturako kideak aukeratu ondoren, klaustroan eta Gurasoen Batzordean aurkeztu zen eta hainbat lan talde sortu ziren (ikus taula). Ondoren, eIkasbide zentroko Eskola Kontseiluan onartu zen, 2001-2002 ikasturteko Urteko Planaren barruan. Gure helburua epe luzera Ikasbiden IKTBak normal erabiltzea da, eta lanerako hipotesia, berriz, benetan lortzeko ezinbestekoa dela dagoeneko zentroan egiten diren jardueretan oinarritzea, teknologia osagaia benetan ekarpen baliotsua izango den tokian sartzeko. Zentroaren dinamikan sartuko den proiektua izan behar du, eta pixkanaka-pixkanaka IKTBak tresna baliagarri eta eraginkor izatera heldu behar dute. Helburu hori kontuan hartuta, eIkasbide proiektua dinamizatzeko zentroan garatzen diren bi jarduera aukeratu genituen: Sorkari aldizkaria kaleratzea eta Kataluniako eskola bateko ikasleekin trukea egitea (Linars dels Valles-ko Escola de Ginebró). Bigarren jarduera, bigarren hiruhilekoan egin zen eta hiru arrazoi hauengatik iruditu zitzaigun egokia: ikasleen artean komunikatzeko tresna gisa posta elektronikoa erabiltzeko, elkar ezagutzeko eta elkartzen zirenerako jarduerak prestatzeko eta trukea egin ondoren harremanetan segitzeko. Ordura arte zenbaki bakarra zuen eta paperean bakarrik ateratzen zen aldizkariak (Sorkari) beste edizio-mota bat ere badu, eSorkari izenekoa, eta Kataluniako eskolako ikasleekin trukea egiteko proiektuari eTruke izena eman zitzaion.

Proiektua gauzatzeko 6. mailako ikasleak aukeratu genituen. Jarduera maila horretan garatuz, ikastolako ikasle guztiak inplikatzea lortu nahi zen; izan ere, guztiek egingo dute 6. maila. Bestetik, maila horretako ikasleak helduak dira eta jarduera hau ikasturteko edukiekin naturaltasunez lortzeko aukera asko daude; era berean, teknologiaren erabilera ez da artifizialki behartzen. Aldizkariaren edizioa ikasturtearen dinamikan finkatuta dagoen jarduera da eta teknologiaren erabileran naturaltasunez sartzeko aukera ematen du. Gainera, irakasleak jarduera ongi ezagutzen du, teknologia aldagaia ongi ezagutzen duen egoeran sartu behar du. Horrek prozesua errazago planifikatzeko aukera ematen du eta aldaketari aparteko ahaleginik egin gabe aurre egiteko aukera ematen du. Beraz, aldizkari digitala egitea (disketean, CDan edo Interneten argitaratua) eta kopiak familiei eta klaustroari banatzea erabaki zen. Gure asmoa ez da Internet etxean ez duten ikasleek, aldizkariaren aitzakiarekin, hura lortzeko presioa egiten hastea; beraz, aldizkaria irakurtzeko nahitaez Internet izatea ez da ezinbesteko baldintza.

Ikasturte bakoitzeko hiru zenbaki kaleratuko dira; abenduan, apirilean eta ekainean argitaratuko dira. Aldizkarian aztertuko diren gaiak ikasturtean aztertutakoak izango dira: denbora-pasak, ikastolako bizitza soziala eta abar.

Artikulu hau idatzi arte egindako jarduera garrantzitsuenak hauek dira:

-eSorkariren 0 zenbakiaren edizioa eta banaketa. 0. zenbakia kaleratzeko ikasleek egindako lanak 3 sailetan banatu dira: lehena zenbakiaren gai nagusia da, eta eguzki sistemako planeten gaia jorratu da; bigarren sailean denbora-pasak argitaratu dira (hitz gurutzatuak, horoskopoa eta txisteak); eta hirugarrenean ikastolako bizitza sozialaren inguruko berriak bildu dira, zentroko irakasle bati elkarrizketa egin diote eta ikastolako modari buruzko artikulua idatzi dute (janzteko moda eta jolaserako moda: puxtarria, tazoak eta abar). Muntaketa egiteko ikasleek argitaratutako testuak errespetatu dira eta Ms Word eta Ms Frontpage erabili dira. Haurrek erabili egin dute aldizkaria eta beren familiekin etxean ikusi ahal izan dute; gainera, zuzenean parte hartu ez duten irakasleek lana ontzat jo dute.

- eTruke programari dagokionez, esan behar da posta elektroniko bidez mezuak bidaltzen hasi direla, ikasleak trukea egiten hasi aurretik.

- Ikasturte honetan eta Eusko Jaurlaritzak Prestakuntza jarduera plana (irakasleen etengabeko prestakuntza) garatzeko ematen dituen diru-laguntzei esker, IKTBen inguruko bi trebakuntza ikastaro egiten ari dira zentroko irakasleak, bi taldetan banatuta: oinarrizko ikastaroa, Word, Windows eta Interneten hastapenak barne hartzen dituena; eta goi mailakoa, Interneti, web orriei eta sareari buruzkoa.

- Planifikatu eta nahi gabeko "lankidetzak" ere izan ditugu urte honetan: Pazkoko oporren aurretik zentroko informatika ekipamendua lapurtu zuten (lapurrak bi aldiz sartu ziren ikastolan); 3.000 euroko balioa duen ekipamendua lapurtu zuten.



Ondorioak. eIkasbide proiektua eta IKTBen erabilera konstruktibista

Orain arte egindako lanak aztertuta, hasieratik gure esperientziaren norabidea finkatu duten alderdiak berretsi behar ditugu. Lehenik, progresiboki garatu beharreko proiektua sortzeko beharra. Hori dela eta, aldizkari digitala kaleratzea prozedurari hasiera emateko era egokia dela uste dugu; proiektu interesgarria eta aberatsa da eta informatikako tresna ugari erabiltzeko aukera ematen digu. Teknologia berriekin egindako esperientziaren aberastasuna eskolan egindako jardueren garrantziaren araberakoa izango da; horrek, gainera, irakasleak motibatu egiten ditu eta irakasleei segurtasuna ematen die. Bestetik, ikuspegi horrek denboran ahalegin jasangarria egiteko aukera ematen du; IKTBak etorkizunean ere erabiliko dira eta epe luzerako proiektuak prestatu behar dira. Hala ere, proiektu horietan irakaslearen garrantzia kontuan hartu behar da, eragozpenak (ez beldurra) gainditzea lortzeko eta beste irakasleekin zer eta nola egiten duen komentatzeko.

Bigarren ondorioa hauxe da: trebakuntza eskaera zentrotik informatuta egotea garrantzitsua dela uste dugu. Garrantzitsua da proiektua garatzeko beharrei erantzuteko klaustroak merkatuari edo erakundeei trebakuntza proposamenak eskatzeko aukera izatea. Horretarako, beharrezkoa da erreferentzia izango diren esperientzia zehatzak izatea, irakaslea bezero zorrotz bilakatzeko eta sistema eragileen eta edizio programen inguruko informazioa jasotzen duen pertsona soila ez izateko. Ildo horretatik, erakundeek hezkuntzan arrakasta izan duten eta kalitatea egiaztatua duten esperientziak identifikatzea garrantzitsua da, horiek oinarri hartuta komunikazio jarduerak sustatzeko eta profesionalen arteko esperientzien trukaketa sustatzeko.

Zentroan ahaleginak batzeko aukera emango duen orientazioarekin lan egiteko beharra da hirugarren ondorioa. Norberak egindako ahaleginak goraipatzekoak dira, baina epe ertainera ez dute behar bezalako emaitzarik ematen, eta ez dute behar adina identifikazio eta orokortzerik sortzen. IKTBen potentzial berritzailea garatzeko, giza baliabideen trebakuntza mimatu behar dugu proiektu komunaren barruan. Horrela aprobetxatu ahal izango dugu teknologiaren benetako potentziala.

Azkenik, esparru programak Europako dokumentuetan azaltzeko, geletan ordenagailuekin egin beharreko jarduerak eta teknologiarekin dugun konpromiso kritikoa orientatzeko, kontuan hartu beharreko termino bat erabiltzen dute: 'erabateko parte-hartzea'. Inor baztertuko ez duen gizartea eraikitzeko, baztertze digitalaren arriskuen inguruko kontzientzia garatu behar da eta kontsumoko behar gehiago ez sortzeko sentsibilizazioa izan behar da (kasu honetan, teknologia informatikoaren inguruan). Horregatik, garrantzitsua da familiek eskura ditzaketen bitartekoetara egokitzea. Jarduerak erakargarriak izan daitezke, baina aurreikusi gabeko beharrak eta nahi ez direnak sor ditzakete: ekipamendu ahaltsuagoen beharra, material suntsigarri garestiagoak, telefono lotura gehiago. Horregatik, garrantzitsua da etxeetan eta baliabide-etxeetan (kulturalak, sozialak...) eskura dituzten bitartekoak zein diren jakitea eta errealitatera egokitzea, familiei arrazoirik gabeko beharrik ez sortzeko.





IKTBen inguruko hausnarketa heziketa erakundeen hausnarketa estrategikoaren barruan planteatu behar da, eta alderdi teknikoak eta antolakuntzako alderdiak nabarmendu behar dira hausnarketa horretan.

Hezkuntza zentroak, gurasoak, eta hezkuntzako beste eragile batzuk, administrazio publikoa, enpresak eta gizartea oro har hartu behar dira kontuan; horrez gain, gaiaren inguruan gizartea behar bezala sentsibilizatzea ezinbestekoa da.

Azpiegitura telematiko egokiak izatea sine qua non baldintza dira Informazioaren Gizartea garatzeko.

Irakasleak trebatzea, irakasleak motibatzea, zentroetako telematikan lider izateko gaitasuna duten arduradunak eta dinamizatzaileak aukeratzea eta zuzendaritza benetan inplikatzea (estrategia orokorra) alderdi erabakigarriak dira.

IKTBen hezkuntza sektorearen sentsibilizazioa, hurbilketa eta erabilera eta teknologia guztien inguruko sentsibilizazio teoriko eta praktikoa aldi berekoak izan behar dute.

Garatu beharreko planteamendua hezkuntza maila guztietan sartu behar da, IKTBak erabiltzeko prozesu bateratu eta integratuaren barruan. Horretarako, ikasleak, irakasleak, gurasoak, enpresak eta gizartea barne hartuko dituen plan pilotuak egin behar dira eremu guztietan.

Eskura ditugun edukiak hobetu eta egokitu egin behar dira nahitaez eta horren barruan laguntza publikoa eta pribatua (enpresen, hezkuntza zentroen eta administrazioaren artekoa) kontuan hartu behar dira, norberaren ezaugarriei egokitutako kalitatezko produktuak, zerbitzuak eta edukiak eskaintzeko.





OHARRAK

1 Teknologiaren erabilera konstruktibistaz ari garenean, trebakuntza eredu jakin batekin lotutako esanahi koherentea du guretzat. Trebakuntza eredu horrek ezaugarri hauek izan behar ditu: bankuarekin lotura ez izatea; erreproduzitzailea ez izatea; prozesuan zentratuta egotea; kontzepzio transformatzailea izatea; motibazio endogenoa bultzatzea -subjektua protagonista izatea eta ikasketaren ardatza taldea izatea, ez irakaslea, testua edo ordenagailua; subjektuaren jarduera eta ikasketa bultzatzea; subjektuaren autonomia garatzea; haren interesak errespetatzea; hausnarketa eta ekintza bultzatzea; ikasketa prozesuetako komunikazioa elkarrizketa sortzeko izatea, ez informazioaren transmisio soila izatea, eta teknologiak baztertzea bultzatu beharrean parte-hartzea sustatzea.

2 ikus: http://www.egipuzkoa.net/archivos/panoramasociedadinformacion-caas.pdf





BIBLIOGRAFIA

- BLANCO ARBE, J.M.: Nuevas tecnologías de la información y las comunicaciones. Comunicación y planteamientos sociales, 2001: http://suse00.su.ehu.es/euskonews/0116zbk/frgaia.htm

- CORREA, J.M.; ARRUZA, J.A.: Contextos de Aprendizaje, EHU Bilbo, 1998.

- FERREZ, J.; MARQUES, P.: Comunicación educativa y nuevas tecnologías, Praxis, Bartzelona, 1996.

- GROS, B.: El ordenador invisible, Gedisa, Bartzelona, 2000.

- JOHNSON, D.L.; MADDUX, C.; LIU, L.: Integration of technology into the classroom, Haworth Press, New York, 2000.

- MADDUX, C.; LAMONT, D.; WILLIS, J. : Educational Computing, Allyn & Bacon, Boston, 2001.

- NEWBY, T.; STEPICH, D.; LEHMAN, J.; RUSSELLl, J.: Instructional Technology for Teaching and Learning, Merrill, New Jersey, 2000.